anterior   aleatorio / random   autor / author   inicio / home   siguiente / next

LA PIETÁ, BAINA ALDERANTZIZ

Gure izebak, eta gure ama maiteak berdin,
berandu ohartzen ziren bizitzaren garrantziaz,
hirurogeitamar urterekin, edo laurogeiekin,
eta txoraturik aurkikuntza latz hura zela eta
nahastuta ibiltzen ziren hainbat hilabetez,
bere semealabei bazkaririk prestatu gabe
supermerkatuan gauza xelebreak erosiz,
telefono dei amaigabeak nornahiri eginez;
etxe atarian ovni bat ikusi izan balute bezala.
Gero, denbora galdua eskuratu behar zutela eta,
gure izebak, eta gure ama maiteak berdin,
herriko udaletxeak antolatu gimnasia saioetarako
ematen zuten izena, «Urlia naiz, edo Sandia,
ez, ez dizut esango zenbat urte bete ditudan»;
eta handik aurrera oihuka, korrika, jauzika,
ematen zioten hasiera egunari, bat-bi, bat-bi,
bat-bi eta txalo, bat-bi, bat-bi, bat-bi eta txalo.
Polikiroldegiak hozki jasotzen zizkien algarak
Ikasle larderiatsuaren aginduetara makurturik
oihuka, korrika, jauzika jotzen zuten aurrera,
eta aldian behin afari bat egiten zuten denek
txandala kendu eta soineko dotoreak jantziz;
egun batean, azkenez, sukaldean txorabiatu
eta zerraldo erortzen ziren semealaben oinetan,
eta hantxe gelditzen ziren hilda beraien kideek
polikiroldegian gimnasiari ekiten zioten bitartean,
bat-bi- bat-bi, bat-bi eta txalo, bat-bi, bat-bi.

autógrafo

Bernardo Atxaga


Bernardo Atxaga

español Traducción de Bernardo Atxaga / Bernardo Atxagaren itzulpena
inglés Translation by Margaret Jull Costa

subir / top   poema aleatorio   siguiente / next   anterior / previous   aumentar tamaño letra / font size increase   reducir tamaño letra / font size decrease