ESKALEEN SEKTA
Madrilen asko daude.
(Orain indigente deitzen diete.)
Lau mila eskale daude,
emakume eskaleak ere badaude.
Eskatu ere ez dute jada egiten.
Ez dute familiarik,
ez dute lagunik,
ez dute deus ere.
Batzuek arrazoimena galdu dute,
bestetzuek arrazoimena ez beste guztia galdu dute.
Gosea pasatzen dute
hotza pasatzen dute
bakardadea pasatzen dute
oinazeak pasatzen dituzte
semaforoak gorriz pasatzen dituzte.
Mortadela eta sardinak jaten dituzte,
upeleko koñaka edaten dute
eta kartoiko ardo merkea.
Kartoizko kaxetan egiten dute lo
(kartoizko katabutak).
Neguan hotzez hiltzen dira
edo bihotzekoaz,
(baten batzuk hiesaz).
Beste batzuk beste eskaleren batek hilda hiltzen dira.
Abendua da.
Eskaleak irten egin dira
euren kartoizko hilobietatik
eta gabon kanta aireratu dute
Erredentorea jaio delako.
—Jesus Haurra ezkaratz batean jaio zen,
beste ezkaratz batean hiltzen gara gu.
Gloria Fuertes
Josu Landaen itzulpena